Poesia





 

BIZITZEAK HIL EGITEN DU


Barneko samindurak.
Urak
eskuetatik ihesi.
Eta bizitzeak hil egiten du.
Munduratuak.
Eskuak
ez dira heltzen.
Eta bizitzeak hil egiten du.
Zalantzak, zalantzak.
Argituak
ez dira niretzat.
Eta bizitzeak hil egiten du.

AURKITU ARTE

Urrunetik pausoak
poliki doaz
gerturatuz.
Begiradak zutabe moduan
bata bestearen parean
luzatuz.
Elkarrizketa luzeak eraikiz,
sakonak dira mezuak
elkar ulertuta.
Orain arte galduak?


OINAZEA


Nire hezurren orrazea.
Lurra ez da hezea.
Zelaiaren umelak
nire bihotzeko ezti errea
lasaitzen du.
Begiratu eta nozitu.
Zipriztindu, egiten du
sabelean ostatu ezin harturik dabilen janariak.
Zurean, zurekin, elkarrekin eta inorekin
izan gabe, zorion izateko beta nahi dut.
Izanda, ez zinateke izango
nire kide
ez eta solaskide.
Ahaide, bidaide,
haizeak urratzen zaitu
nire albotik inguratzen zaren bakoitzean,
artean gurea ez zarelako.
Bitartean gauaren morrontzaz jabeturik
besoek luzatzen didate beraien beroa
zu aldenduz.
Noiz arte? Lekurik ez zuretzat,
biok elkartu eta heldu bitartean.


NORA EZA

Ustezko bideak, urak
eraikitzen ditu.
Hostoak, haizearen bideak
zeharkatzen ditu.
Maitasunaren beroak, suak
urtzen ditu.
Gizakiaren bidaiak, lurrak
estaltzen ditu.

 

----------------------------------------------------------------------------------------------------